domingo, 1 de noviembre de 2009

El muerto y la cuchara

Atzo goizean azkenean Chhimi eta Ichhun-etaz agurtu nintzen, beraien etxean lau egun pasa ta gero. Apur bat trixte baina berriz ikusiko garelakoan. Dhunche-rainoko bidea 4 ordutan astiro eta gogorik gabe egin nuen eta gaur, 8 orduko autobusa eta gero, berriz naiz Kathmandun, bihar Delhirantz (3 egun) abiatzekotan.

Ostiral gauean Thulo Shyaphrun, Chhimi eta Ichhun-en herrian, ospakizun bat izan genuen. 48 egun lehenago gizon bat hil zen, Lama kastakoa, budista, eta bere espirituari (edo?) betirako agur esateko eguna zen. Hainbat jende hurbildu zen herri ezberdinetatik Gumbara, tenplu budistara, iluntzen zihoan einean. Azkenean adin guztietako 400 bat pertsona izango ginen, gutxienez, denak tenplu barruan edo kanpoko sutondoen inguruan batuta.

Tradizioaren arabera gorputza hil eta gero 48 egunetan dabil gure artean, noraezean-edo, azkenean beste gorputz batean berpizteko. Bere lagun eta senideek orduan, azkeneko gau horretan, egunsentiraino errezatzen dute hildakoa budatasunetik, nirvanatik, pixka bat hurbilago jaio dadin. Bueno, hori tenplu barruan...

Tenplu kanpoan errezatu egiten dute; baina bitartean, jan, edan, hitzegin, pixka bat gehigo jan, dantzatu... Edozein herriko jaietan bezala. Ni neuk, gauerdirako nahikoa jan eta edan nuen eta ohera joan nintzen.

Edatekoa, roksi galdaretan ekarri zuten; jatekoa ere galdaretan. Arroz galdarak, curry galdarak, lenteja sopa galdarak... Baina tradizioak agintzen duen moduan, jan eskuekin egiten da. Curry, arroza etabar bueno... baina yak yogurta (galdaretan ekarria hori ere) platerera botatzen dizutenean goilarak non arraio gordetzen dituzten galdetzen diozu zure buruari.

Egia esan, enuen sekula pentsatu hileta batean goilara bat faltan botako nuenik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario